2016(e)ko abenduaren 12(a), astelehena

AITA DONOSTIA



AITA DONOSTIA



Jose Gontzalo Zulaika Agirre, ezagunagoa aita Donostia goitezenez.




Euskal musikagilerik handienetakoa izan zen Aita Donostia, edo lan batzuetan izenpetu ohi zuen bezala, «Udalaitz».
Donostiako Idiakez kaleko 5. etxean jaio zen, 1886ko urtarrilaren 10ean. Hamar neba-arrebetatik hirugarrena, 6 urte zituela hasi zen Donostiako Marianisten ikastetxean. Txiki-txikitatik erakutsi zuen musikarako zuen trebetasuna eta horregatik gurasoek solfeo eta biolin eskola saioetan matrikulatu zuten, hasieratik bertatik tresna horrekiko zaletasuna izan baitzuen.


1896 urtean, hamar urte zituela, musika ikasketak hasi zituen Baztango (Nafarroa) Lekaroz herrian kaputxinoen apaiztegian. Batxilergoa, nobiziotza eta eliza-ikasketak egin zituen han. 11 urte zituela Ikastetxean zuten orkestrarako   lehen lana idatzi zuen,  Diana izenekoa (1897) goizero ikasleak esnatzeko jotzen zena. Ikasketak bertan bukatu eta 1908ko abenduaren 19an apaiztu zen Iruñean. Berehala, nagusiek baimen berezia eman zioten musika lantzeko, eta handik aurrera ez zuen bere bizitza osoan beste lanik egingo, Lekarotzeko ikastetxean eskola apur batzuk emateaz gain: musika ikertu, sortu eta zabaldu.

Gaztetan, Baztango eta Sarako herri doinuak bildu zituen (Ikazkina mendian, Euskal Eresiak, Gure herria, Trois Chants Basques eta Seaska-Euzko-Abestiak bildumak). 1909-1915 urteetan Besalu eta Siloseko abadetxeetan egon zen musika gregoriarra ikasten, eta Parisen eta Bartzelonan musika ikasketak sakontzen. Pianorako obra asko idatzi zituen urte haietan: Preludios vascos, Ocho melodías vascas, eta abar.
Hurrengo urtean, 1916an alegia, Joaquin Larregla musikagile nafarrak Aita Donostiaren Preludios vascos, Oñazez, Aitonaren ele-zaharrak, Seaska aldean eresiz eta Bordako atalarrian obrak estreinatu zituen Madrilen; arrakasta izugarria izan zen.
1917an orkestra filarmonikoak Urruti-jaya, Irulea eta Aur-dantza ezagutarazi zituen Sociedad Nacional de Música elkartean.
Henry Ghéon poeta frantsesak bere poemei musika jartzeko eskatu zion Aita Donostiari, eta arrakasta handiz estreinatu ziren Parisen 1921, 1926 eta 1936an.

Euskara etxetik kanpo ikasi zuen, baina 1932an euskaltzain  izatera ailegatu zen.
1936an, Espainiako Gerra Zibila hastean, Frantziara erbesteratu zen: Tolosa, Paris eta Mendi-Marzana (Landak) izan zituen bizileku denbora laburrean; azkenean, Euskal Herrira itzuli eta Baionan kokatu zen 1943 arte.

Urte hartan, 1943an, Lekaroza joan zen berriro, baina urte hartan bertan Musikologiako Espainiako Institutua sortu zuten Bartzelonan, eta han lan egin zuen 1944tik 1953 arte; musikologia atalean lehendabizi, eta folklore atalean geroago. Folklore atalean, lan itzela egin zuen: gehienbat herri abestiari buruzkoak ziren sei mila fitxa bildu, aztertu eta iruzkindu zituen. Euskal Herriko folkloreari buruzko hitzaldi ugari eman zituen, erdaraz nahiz euskaraz, musikari buruzko artikuluak idatzi eta nazioarteko musika kongresu nagusietan parte hartu zuen aita Donostiak.
Euskal musikari buruz hitzaldi mordoska emateaz gain, euskaraz nahiz erdaraz, munduan barrena ere ibili zen biltzar eta bileretan gure musikaren berri emanez. Bildumarik handienak Música de tecla en el Pais vasco, siglo XVIII, Musica y Musicos en el Pais Vasco eta, batez ere, Euskel Eres-Sorta (Cancionero Vasco)obrak dira.
Aita Donostia euskaltzaina izan zen, San Fernandoko Artederretako Akademiako kide, Frantziako Musikologia Elkartekoa, Hispanic Society of America elkartekoa eta Instituto Español de Musicologíakoa.
Donostian hil zen 1956ko abuztuaren 30ean, hirurogeita hamar urte zituela.



Oñazez



 Oi  Bethlehem
 



 

Jorge Oteizak eginiko eskultura Lesakan.